2009/03/11


Hegazkinak aldaketa klimatikoaren lagun?
Egilea: Antton Alberdi Estibaritz
Zeruko elementu ezagunak bihurtu dira laino artifizialakHala azaldu zuten zenbait zientzialarik 2001eko irailaren 11ko atentatuen osteko 3 eguneko hegazkinen geldialdiak utzitako tartean egindako ikerketen ostean. Hots, hegazkinek atmosferako tenperaturaren aldaketa eragiten dutela plazaratu zuten 2002 urtean. Egin berri den azterketa batek, ordea, 3 egun haietan behatutako aldaketak aldakortasun naturalen bitartez azal daitezkeela plazaratu du, hegazkinen gabeziarekiko prozesu independenteen bitartez.

Hegazkinek zirruen antzeko hodeiak sortzen dituzte atmosferan, eta laino guztiekin gertatu bezala, Planetaren berotzean eragina dute. Honez gain, eguneroko tenperatura ere aldatzen dute, egunez berotutako atmosferako beroa gauez mantenduz eta egunez eguzkiaren eragin txikiagoa eraginez. Era honetara, tenperaturen uniformetzea eragiten dute lainoek eta egunetik gauerako tenperatura tarteak ez dira horren bortitzak izaten. Guztiok frogatu dugun fenomenoa da hau, oskarbi den goizaldetan lainotuta denetan baino hotz handiagoa egin ohi du-eta.
2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz, 3 egunez aireko trafikoa etenda egon zen AEBetan. Ustekabeko jazoera honek hainbat zientzialarik hegazkinek utzitako kondentsazio-lainoen inguruko ideiak testatzeko aukera eman zuen. Bi ikerketek 2001eko irailaren 11 eta 14 bitartean eguneko batezbesteko aurreko eta ondorengo hiru egunekin alderatuta tenperatura 1,8ºC igo zela ondorioztatu zuten. Ordu hartan hegazkinen arrastoen gabeziak eguneko tenperaturen heinean aldaketa eragin zuela plazaratu zen, “hipotesi modura, ondorio modura baino gehiago”, David Travis ikerlariak azaldu duenez.

Texaseko A&M University-ko Gang Hong ikerlariak azaldu duenez, ordea, 2002an plazaratu zen teoria okerra da. 1971 eta 2001 bitarteko AEBetako datuak aztertu ostean, tenperaturan eragin handiena duten lainoak altuera baxukoak direla adierazi dute, eta ez altuera handiko zirru eta hegazkinen arrastoak.

Aireko trafikoa urtero %2-5 igoko dela uste da eta 2050erako litekeena da egungo trafikoa hirukoiztea. Hegazkinek sorturiko kondentsazio-lainoek eguraldian eta kliman izan dezaketen eraginaren inguruan, ordea, zientzialariak ez dira ados jartzen. Denborak esango du, agian.

Iturria:
Nature

No hay comentarios:

Publicar un comentario